ESAITen agiria

[2015/03/21]

ESAITek duela ia 20 urte hasitako ibilbidea amaitutzat ematea erabaki du.

ESAIT ( Euskal Selekzioaren Aldeko Iritzi Taldea ) 1996ko udaran sortu zen kirol arlo desberdinetan Euskal Herriko selekzioen ofizialtasuna aldarrikatu eta nazioarteko txapelketa ofizialetan eskubide osoz parte hartzeko eskubidea defendatzeko. Hamazortzi urte luze hauetan, argi-itzal guztiekin, makina bat ekimen burutu du Euskal Herrian zein nazioartean helburu horiek lortze aldera: hitzaldiak, mahai inguruak, mendi martxak, Iratiko Tourra, urteroko partidaren inguruko sentsibilizazio ekintzak, manifestazioak... Herritarrekin, kirolariekin, instituzioekin, alderdi politikoekin, sindikatuekin, eragile sozialekin... izandako harremanak Euskal Herrian zein kanpoan zenbatezinak dira.

Ibilbide honen lorpenak begi bistakoak dira. Gaur egun, inork ez du zalantzan jartzen gure selekzioek ofizialak izateko duten eskubidea. Euskal kirolariek euskal herritar bezala aritzeko duten eskubidea barneraturik daukate. Euskal Herriko kirol egituren beharra, Federazio Nazionalak izatearena alegia, kirol esparruan barneraturik dagoen gogoeta da. Bide berean, eta milaka herritar eta kirolarien inplikazioari esker, aipaturiko erreferentziak, plano teorikotik erreal bilakatzeko ekimenetara eman da jauzia, ugariak izan direlarik zentzu horretan antolaturiko ekimen eta dinamikak, bai kirol esparruaren eraikuntzari, baita aldarrikapenari dagokionean ere.

Bestalde, euskal gizartean azken urteetan eman diren aldaketak nabariak izan dira. Egoera politikoa nabarmen aldatzen ari da, mapa politikoa ere bai eta horrek, euskal selekzioaren alde elkarlanean aritzeko ateak zabaltzen ditu. Azkenaldian, euskal alderdi politiko gehienak behartuta sentitu dira selekzioaren aldarrikapena bere agenda politikoan sartzera eta horrekiko funtzionamendu moldeak aldatzera.

Honekin batera, azkeneko urte eta hamarkadetan, gizartearen baitan, aldaketa soziologiko eta teknologikoak direla medio, komunikatzeko, batzeko, antolatzeko eta dinamikak zein ekimenak aurrera eramateko ohitura eta joerak aldatuz joan dira.

Eta hau guztia kontuan hartuta, ESAITek orain ia 20 urte hasitako ibilbideari amaiera ematea erabaki du. ESAITen desagerpenak, alta, ez du ofizialtasunaren dinamikaren desagerpena suposatzen; alderantziz, esparruan lanean ari diren elementu guztien arteko sinbiosi eta elkarlana lortzearen xedearekin hartutako erabakia izan da.

Honekin batera, baldintza berriak probestuz, ESAITek dei egiten dio jendarte zein eragile desberdinei, ofizialtasunaren aldeko dinamikan indarrak batu eta Euskal Herria eskenatoki berri batera eramango duen mugimendu bat eraikitzera.

Amaitzeko, ESAITek bide luze honetan bidelagun izan dituen guzti guztiak eskertu nahi ditu: udalak zein instituzio ezberdinak, eragile sozial eta politikoak, kirol elkarteak, kirolariak eta batik bat, euskal herriko txoko guztietatik lagundu eta bultzatu duten herritar guztiak. Merezi izan du eta merezi du bide hau egitea. Mila esker.

EUSKAL HERRIKO SELEKZIOAren OFIZIALTASUNA kirol guztietan.
ESAIT ( Euskal selekzioaren aldeko iritzi taldea)
2015ko martxoak 20.